Bizitza hainbatetan autoeskolatik irten berri denaren errepidea da. Halakoetan, zure Cuatrolatasaren atzeko lehioan "L" bat daramazu, "kontuz! edozein momentutan hormaren aurka joan naiteke" esanez bezala. Autoeskolatik igaro zara, gainditu dituzu teorikoa eta praktikoa, jakin beharko zenukeen zer egin, baina ez dakizu. Hor zoaz, lehen aldiz ondoan aztertzailerik ez duzula, irratiko ahotsak bakarrik lagunduta, bi lerro zurien artean. Gaur arte beti izan dituzu azalpenak eskura, ondoan zegoen gizon bibotedunak ematen zizkizunak. Orain, ordea, zuk bakarrik egin behar duzu dena. Tira, azterketa praktikoan ere hala egin zenuen. Okasio hartan, aldiz, ingurua hein batean kontrolpean zenuen. Orain ez, orain ez dakizu inguruan zer gerta daiteken. Orain, lehen aldiz, ezagutzen ez dituzun errepideen gainean jartzen dituzu Cuatrolatasaren lau gurpilak.
Semaforo baten aurrean geratzen zarenero, atzealdean sentitzen dituzu begiradak, denak zure "L" handiari begira. Eta zure buruan, errealitatean gertatzen den ziurtasunez ez dakizun arren, ahotsak entzuten hasten zara, irratikoak ez diren ahotsak. "Honek ez dik ideiarik nola gidatzen duken", "ez al din ikusten? semaforoa berdean zagon!", "¿dónde le han dado el carnet a este?", "aurreratu honi, atzean joan behar bagara, gureak egin du!". Zuk burua hotz mantentzen duzu. Zure irudimena soilik da, ez dago inor halakorik esaten, ez behintzat zure atzean. Argi berdea ikusi bezain pronto azeleragailua zapaltzen duzu, baina ez aurretik klaxon hotsak entzun gabe. Istant bat soilik izan da, askori gustatuko liezaieke zure erreakzio abiadura izatea, baina nahikoa izan da atzekoek klaxona jotzeko. Azken finean, istant bat hori omen da, semaforoa berdean ipintzen denetik lehenengo autoen klaxon hotsa entzuten deneraino igarotzen den denbora tarte laburra. Beraz, ez da irtera ona izan semaforoaren itxaronalditik. Zure burua hasi da berriz ere marmarka. Benetan entzun ote dituzu ahots horiek?
Gidatzen hasi eta gutxi beranduago, zure atzetik zihoan autoetako batek aurreratu zaitu. Hori ere semaforoko ahotsek iragarri dizutenaren barnean zegoen. Zurrumurruak oihu bihurtzen hasi dira lepoaren gainean duzun esfera irregularrean. Eta beste auto batek aurreratu zaitu, atzean Osborneko zezena daraman batek, leihotik oihuka doala. "¡Si es que no sabéis conducir! ¡No sé cómo os dan el carnet! ¡Vete a tu casa a hacer lo único que sabes hacer!". Oihuaren oihartzuna geroz eta ozenagoa da esferaren barnean. Erantzungo zenion, baina alferrik da, gero zu izango zara "probokatzailea". Zuk badakizu esan duenean ez duela arrazoirik, baina hau hitzaren mugetatik haratago doa, hainbeste urtetako borroka baten emaitza penagarriak dira. Baina zuk ez diozu erantzungo, hobe izango da gero Twitterren jartzea, nahiz eta hor ere halako señoroak topatuko dituzun. Eta arrazoia duzula dakizun une horretan bertan, zure burua zalantzan jartzen hasten zara. Ez zenuen autoa hartu behar, ez zen zuri egokitzen zitzaizuna, etxean geratu behar zinen halako gatazkak ekiditeko. Badakizu ez dela hori egin nahi zenuena, baina egin behar zenuena ote zen pentsatzen hasten zara.
Nork esango zizun zuri duela hiru aste gizon bibotedun haren falta sumatuko zenuenik gaur? Oraintxe zure alboko aulkian egotea desiratuko zenuen. Batetik, agian gizon horren presentziarekin ondoko autoaren gisako jarrerak ekidin ahal izango zenituelako. Arrazoi batengatik ala bestearengatik, gizon zuri heterosexual normatiboek beste edonork baino errespetu gehiago ematen dute, eta hori badakizu, baita ondo jakin ere, zure burutik igarotzen den galdera errepikakor horietako bat baita. Beldurtia izango zara akaso batzuen ikuspegitik, baina, zoritxarrez, badituzu "beldurti" deitzen dioten hori izateko nahiko arrazoi. Bestetik, aldiz, hark zer egin jakingo zuelako. Hark bazekien errepideko arau guztiez gain gerta daitezkeen ezbeharrei aurre egiten. Hark, bide bazterrean istripu bat ikusten bazuen, bazekien geratu egin behar zuela eta nola lagundu behar zuen; bazekien elurra hasten den unean gurpiletan kateak nola jartzen diren; bazekien, zure Cuatrolatasa basetan harrapatuta geratzen bazen, nola atera putzu hartatik.
Baina zuk ez dakizu hori. Tira, agian bai. Baliteke zure barnean egotea ezagutza hori guztia, guztion barnean egotea. Zuri, ordea, ez dizute irakatsi ezagutza hori azaleratzen. Zuri zuzenean errepide izoztuaren gainera jaurti zaituzte, zuzen joateko gai izango zarelakoan, inork bolantea nola erabiltzen den azaldu ez badizu ere. Ardi bat izan bazina, jakingo zenuke zutitzen jaio bezain pronto, amaren laztanen azpian. Baina ez zara ardi. Gizaki zara eta 120km/h-ko abiaduran doan auto bat gidatzen jarri zaituzte jaio zarenean, autoz betetako lau erreien erdian. Dena den, ez zaitez kezkatu. Ez zaituzte bakarrik utzi bertan inolako azalpenik gabe. Zure eta ingurukoen segurtasuna bermatzeko goi mailako teknologia darabilen mekanismo hutsezin bat jarri diote zure autoari: atzeko leihoan itsatsita daramazun "L" erraldoia, zeinak ingurukoei "kontuz! edozein momentutan hormaren aurka joan naiteke" esaten dien. Hala ez duzu arazorik izango eta, izango bazuenu ere, zure errua izango litzateke.