Bizitza hainbatetan errepide komarkal bat da. Errepide komarkalak ala eskualde mailako errepideak, definizioz, bigarren mailako errepide autonomikoak dira, lehen mailako errepide autonomikoak ala interes puntuak batzen dituztenak. Eta, esan bezala, noizbehinka zu ere joan behar izaten zara errepide hauetatik, zure Cuatrolatasaren barruan. Hara iritsi aurretik, errepide eder eta zabaletatik zindoazen, etengabe herriak gurutzatuz, nonahi begiratuta ere etxeak aurki zenitzakeela, bere bizitzekin, bere arimekin, bere istorioekin. Errepide ederra benetan, baina zaratatsu samarra. Autoak, hiria, industria. Guztiak kutsatzen zuen bertan, guztiak zikintzen zuen errepide eder hura. Beraz, handik aldentzea erabakita, eskualde mailako errepide batean sartzea erabaki duzu.
Noski, eskualde mailako errepideetaz mintzatzean garrantzitsua da eskualdeaz ala lurraldeaz mintzatzea. Ez da gauza bera eskualdeko errepide indiar bat ala eskualdeko errepide espainiar bat. Eta espainiarren artean ere bada aldea. Gipuzkoan mendi haranetan barrena sigi-sagaka dabiltzan errepideak topatuko dituzu, baita itsasertzekoak ere, elkarrengandik nahiko gertu dauden herriak batuz. Araban, aldiz, herrien arteko ibilbidea luzexeagoa izango da, baina askoz zuzenagoa, kolore ezberdinez inguratuta hegoaldetik iparraldera. Madrilen bide guztiek eramango zaituzte bide handiago batera, eta handiago horrek are handiago batera, etengabe handituz eta etengabe auto ilara handi eta zabalagoak eratuz, hirira heldu arte. Eta Nafarroan, desertu baten erditik doan errepide zuzen eta amaigabe bat topatuko duzu. Azken hau da zure kasua.
Cuatrolatasa hor doa, ortzimuga gurutzatzen duen errepide horretan. Bi aldeetan ikusten dituzu gari-zelai erraldoiak, marroituak, jasoak izateko prest. Marroia da inguruetan ikus dezakezun kolore bakarra, putzu monokromo hori erdibitzen duen lerro gris ilun hori alde batera utzita. Garia, esan bezala, marroitua dago; harria, kareharria, urrutira ortzimuga estaltzeko haina zutitzen diren menditxoetan ikus dezakezu; herriak, hilak, noizbehinka ikusten dituzu, kareharriz eraikitako eraikinez osatuak, zeinen teilatuek dagoeneko ez duten etxerik estaltzen. Haibat okasiotan, zelai marroien monotonia hausteko asmoz edo, ekilore zelaiak sortzen dira, gehiengoa eguzkiari segika dantzan doan bitartean despistaturen batek beste aldera begiratzen duelarik. Baina halakoetan ere, gari-zelaietan bezala, badirudi zu zarela hango monotonia hausten duen bakarra, zu zarela, zure Cuatrolatasarekin, artalde hartako ardi beltza.
Errepide horretan zu zara auto bakarra. Ez dago beste inor, ez behintzat zuk ikus dezakezun zatian, ortzimugatik ortzimugara. Bi erreiak zureak direla dirudi, baina zuk, badaezpada eta norbaitek ikusiko zaituen beldur, nahiago duzu eskuineko bi lerroen artetik joan. Eta hasiera batean hiriko estresetik deskonektatzeko hartutako hautua orain ez zaizu hain ona iruditzen. Hasieran ederra zen, desberdina, lasaia. Baina orain, orain monotonoa eta lasaiegia iruditzen zaizu. Dena da berdina zure inguruan, dena hain aspergarria. Hainbatetan zalantzan jartzen duzu aurreraka zoazen ere. Akaso autoa aspaldi geratu da, ez zara ohartu eta hor zaude, azeleragailua zapaltzen, aurrera zoazelakoan. Baina ez, bazoaz aurrera. Ala sikiera hori diote errepide alboan nabari daiteken menditxo bakoitzaren gaineko Osborneko zezenek, urrutian ikusi, hurbildu eta atzean uzten dituzun horiek. Atzera egingo zenuke orain, hirira itzuli, harik eta jakingo ez bazenu ia bide gehiago duzula atzera aurrera baino. Beraz ez duzu beste erremediorik.
Noizbehinka, zibilizazioa sortzen da zure aurrean, zibilizazio kapsula ttipi bat gari unibertso horren erdian flotatzen. Uzta makina bat azaltzen da, bi akaso, zelaian gora eta behera. Inork ez dituela gidatzen dirudi, etengabeko lanean baitaude eguzki distiratsuaren azpian, zibilizaziotik urrun. Zuk zure buruari galde egiten diozu nola heldu ote diren makina erraldoi horiek han erdira, ezer ezaren erdira. Haiek han badaude, gertu izango da herri bat. Hori da zure burutik igarotzen den erantzun posible bakarra. Baina ez da ispilatze bat besterik, ispilatze bat desertu baten erdian, beste hainbeste bezala. Eta aurrera jarraitzen duzu, hasieran zuk egindako hautuak hilko zaituen errezeloarekin.
Haren atzetik heltzen da, nahikoa izango ez bazenu bezala, cowboyen filmetako taberna horietako bat, desertu erdian eraikitako industria-pabiloi baten bazter batean. Kasu honetan, ordea, ez da zaldirik kanpoaldean barandari lotuta. Haien ordez motordun bizikletak daude. Eta taberna barnean, cowboyik ez. Motozaleak, eskuetan garagardo pitxerrak dituztela. Horrek dagoeneko komedia txar baten itxura hartua du. Nondik atera dira hainbeste pertsona? Zer egiten du hor erdian industriagune batek? Zergaitik dago cowboyen jatetxe bat Nafarroan? Eta azaldu ezin daitezken galdera guzti horien artean zuk azaldu ezin daitekeen erabaki bat hartu duzu: sartzea. Barruan, atzean ateak oraindik dantzan eta txilioka dituzula, guztiak isildu eta zuri begira geratu dira. Ezerezetik bidexka bat azaldu da barrararte. Han, zain, hainbat cowboy. Gizonezkoak, helduak, altuak eta beldurgarriak; emakumezkoak, gazteak, gutxiengoa eta soinean arropa gutxi dutela. Barrakoak ez dio ezertxo ere. Zuk hurbildu eta "¿falta mucho para el proximo pueblo?" galdetu diozu. Hark "no" lehor batekin erantzun dizu, eta begira geratu zaizkizu guztiak, harik eta berriz irten zaren arte. Orduan, autoan sartu eta berriz ere bideari ekin diozu, desertu hori gurutzatzen jarraitzeko.
Beste eternitate batek erakutsi dizu "no" lehor horrek ez zuela esanahirik bere atzean. Akaso hori ere ispilatze huts bat zen, zure buruaren nahi bati erantzuteko sortutako erantzun artifizial bat. Zuk nahiago zenuke dagoeneko Cuatrolatas zaharraren barnean hil, aire giroturik gabeko Cuatrolatas zaharrean, bertan usteldu eta, zure gorpuaren usaina hurrengo herrira heltzean, norbait etor dadila bila. Baina aurrera jarraitu duzu eguzki errearen azpian. Eta, halako batean, eguzkiak trebeska jotzen duenean, herri batera heltzen zara, autoak, jendea, bizitza duen herri batera. Cuatrolatasa lehenengo aparkalekuan uzten duzu, irten eta marinel batek itsasontzitik jaistean nola lurrari ematen diozu musu. Arrastaka joan zara herriko ostatura, sartu zara eta gela batera igo zara. Amaitu da, gaurkoz behintzat, zure odisea. Baina errepideak aurrera darrai.