Bizitza hainbatetan herri bateko alde zaharraren antzekoa da. Kale zuzen eta ordenatuen laberintotik irtendakoan heltzen zara bertara, kale estuek osatutako sare sigi-sagatsura. Bertan dena da kaosaren antzekoa: kaleak estutu egiten dira etengabe, bi hormek elkar joko dutela uste duzun unerarte, eta, orduan, ezustean banatzen dira berriro alboetako eraikuntza itogarriak. Eta hori da, hain zuzen ere, herri hau gurutzatzeak sortzen dizun beldurrik handiena, aurretik zer etorriko zaizun ez jakitea. Zuk imaginatzen dituzu beste eraikin guztiak baino gehiago irteten den eraikinaren atzetik, zeinak bidea ia muga pentsaezinetaraino estutzen duen, etorriko direla bururatu dakizkizuken munstro guztiak. Ikusten dituzu sekulako ibilgailuak gerturatzen bi hormen artetik, zuk ez aurrera ez atzera ezin dezakezunean egin, eta geratzeko asmorik gabe. Zuzen datoz zure Cuatrolatasera, baina zure Cuatrolatasak ezin die aurre egin, handiegiak dira zure auto txikia ikusteko, akabo zureak.
Zure beldur guztiak isladatzen dira kale nahaspila horretan. Inguruko zaratek ez dute batere laguntzen. Kaleak bizirik daude uneotan, baina zuk nahiago zenituzkeen hilak, zure Cuatrolatasaren hotsek soilik moztu zezakeen isiltasun harengatik bustiak. Hala balitz, orain ez zenukeen arazorik izango herria gurutzatzeko. Baina ez, herri hau ez dago hila. Etengabe heltzen dira autoak, kamioiak, autobusak, autokarabanak eta imagina ditzakezun ibilgailu mota guztiak beste aldetik, beste guztiak baino gehiago irteten den eraikuntza haren atzetik. Guztiek normaltasunez igarotzen dute gunea, beste aldean zer topatuko duten jakingo balute bezala, baina zuk ezin duzu. Zu hortxe zaude, geldik, paralizatuta halako egoera baten aurrean. Badakizu onena aurrera joatea dela, ahal bezain pronto igarotzea alde zaharra gurutzatzen duten errepide zati hori. Aldiz, ez dakizu zein unetan zapaldu azeleragailua aurretik ez dezazun autorik aurkitu. Ez dago beste biderik, ez dago beste aukerarik. Bai ala bai gurutzatu beharko duzu delako estugunea.
Lehendik zenuen guztia nahikoa ez bazen, zure klaustrofobia paradoxikoa gehitzen zaio egoerari. Eta ez duzu gaizki irakurri, paradoxikoa esan dut. Izan ere, gauza bitxia da bi hormen artean gurutzatzeak klaustrofobia eragitea zugan etengabe Cuatrolatas baten barruan bidaiatzen duzunean. Baina, tira, ez da hori esaten ari ginena. Klaustrofobia: leku itxietan egoteko beldur patologikoa. Hori da zuri bi hormon artean gertatzen zaizuna: klaustrofobia. Ezin duzu jasan etxebizitzek errepidearen gainean sortutako atmosferaren presioa. Kalea estutzen doan heinean, luzatzen doala uste duzu, lehen amaiera ikusten zenion infernua amaierarik gabeko tunel iluna bilakatu dela. Beldur zara, baina ez zenukeen onartuko inorren aurrean, ezta pentsatu ere! Lehenago geratuko zinateke bertan, mugitu gabe, bidean aurrera jarraitu ordez. Burugogorra zara, baita harroa, hainbatetan gehiegi, eta zure hantustea ohoratu dadin prest egongo zinateke iristeke dagoen etorkizun paregabe hura alde batera uzteko. Zeren, ez dakizun arren, etorkizun paregabe bat duzu aurretik, iristeke, estugunearen atzetik baitatoz inoiz ikusi dituzun errepide eder eta zabalenak. Ez dakizu zenbat gozatuko zenukeen bertan, baina, danok dakigun bezala, saria lortzeko sakrifizioak egin behar izaten dira.
Halako batean, zure barne borroka hortan zauden bitartean, ohartu zara zure atzean sortu den auto-ilara luzean. Kaleari ikusten ez zenion bezala, ilara honi ere ez diozu bukaerarik ikusten. Eta hor egoera jasanezin honi falta zitzaion hori: presioa. Onartua zenuen sakrifizioaren kontua, baina inolaz ere ez zenuen honelakorik espero. Baina zer da hau?! Jada etsita zaude. Oraintxe gustora irtengo zinateke autotik, korrika alde egiteko inork ikusiko ez zaituen leku batera, bertan lasai negar egiteko, gainetik kentzeko presioa eta klaustrofobia eta beldurra eta hiru puntu suspentsibo. Baina, tupustean, horiz eta beltzez jantzitako andre bat hurbildu da estugunera, ahoan txilibitua duela, etengabe jotzen duena, eskuekin imintzio bat eginez, esanez bezala "etor zaitez, nik zainduko dut ibilgailurik ez igarotzea zuk gurutzatu arte". Eta zuk, nola ez, kasu egin diozu. Igaro duzu estugunea, bi hormen artean inoiz baino itoago baina, aldi berean, inoiz baino lasaiago eta seguruago sentitzen zarela. Bidearen erdian zaudenean, andre uniformatuari begiratu diozu, eskeinitako laguntza eskertuz bezala, eta berak begiratu zaitu, ulertzen zaituela eta bere lana besterik ez duela egiten esan nahiko balizu legez.
Eta, eraikina atzean utzi duzunean, konturatu zara arrazoi nuela, estugunearen beste aldean zegoela saria. Inbutu horren bestaldean egin duzu topo etorbidearekin, bere zabaltasunagatik eta edertasunagatik nabarmengarria. Eta, horrez gain, sakrifizioa ez zela gurutzatzea jabetu zara. Sakrifizioa presio hori, beldur hori, klaustrofobia hori bizitzea zen, ez igarotzea, ez beldurrei aurre egitea, ez korrika irtetea. Bizitzan, hainbatetan, gauzak ustekabean gertatzen dira, tupustean eta gutxien espero duzunean, denak okerrago ezin duela joan uste duzun une horretan. Eta hamaika estuasun biziko dituzu Cuatrolatasaren barnean, baina ez ezazu etsi sekula, ekaitzaren segidan heltzen baita barealdia, ala, hobeto esanda, opoaroaldia.