Hondakinak

23 2 0
                                    

Bizitza hainbatetan errepide bat bezalakoa da, denboran eta distantzian banatutako bi puntu lotzen dituena. Errepide honek baditu bere erreiak, bere bidegurutzeak eta bere zebra-bideak; baditu bere zubiak eta bere tunelak; baditu bere lerroak, hainbatetan etenak, besteetan amaigabeak, batzuetan ikustezinak. Eta, noski, baditu autoak, bere gainetik mugitzen diren autoak, denboran eta distantzian banatutako bi puntu horiek lerro batez batu nahi dituzten autoak. Eta auto hauen barnean, nola bestela, kokatzen dira bidaiariak, horien artean zu zaudela. Bai, zu ere Cuatrolatas zahar horren barnean doan bidaiarietako bat zara, segurtasun-uhalik gabe eta leihoa zabalik. Beti joan izan zara hor, beti joan izan zara berdin. Baina esan dizudan arte ez zara ohartu auto horren barnean zindoazenik, inoiz ez baitzara bertatik kanpo bizi. Arnastea bezala da zuretzat auto hau gidatzea, ohartu gabe egiten den zerbait eta ekidin ezin daitekena. Beraz, zuk aurrera jarraitzen duzu, Cuatrolatasaren leihoetatik begira, errepidearen lerro zurien artean gidatuz.

Leihoaren kanpoaldetik, haizea sartzen da autoaren barnera, zure aurpegia kolpatuz, auto honek ez duen aire girotuaren funtzioa betez. Baina ez da airea autoan sartzen den gauza bakarra, ez da soilik freskura, ezta plazera ere. Nolabait, kanpoa sartzen da barrura. Eta, ezinbestean, barrua irteten da kanpora. Kanpotik sartzen dira soinua eta irudia. Naturguneak gurutzatzen dituzunean entzun daitezken kantu alaiak, euria ari duenean autoaren teilatua kolpatzen duten euri tantak ala itsasertzetik gidatzean entzun daitezken olatu kolpeak, lurraren aurkako etengabeko borroka hori, esaterako. Bestetik, ikus ditzazkezun zuhaitzak, zeru izartuak eta mendi elurtuak, amaierarik gabeko itsasoak. Ordea, nahitaezkoa da paradisuaren atzetik infernuaren zati bat iristea. Eta ez pentsa, behintzat, nire burutazioa dela, ezta gutxiago ere! Hau aspalditik datorren zerbait da, Heraklito greziarrak bere errepidean idatzita utzi zuen esaldi batetik dator. Honek dena dela eta ez dela defendatzen zuen, eta hala da. Dena da errepide honen bi muturren arteko zerbait, bi muturren ezaugarrien nahaste bat, eta, hori horrela, ezinbestekoa da bietatik izatea. Bada, badira gaitzak ere errepide honetan. Badira txorien kantu gozoak estaltzen dituzten fabrika zatarrak, Hefestoren sutegitik ihes joandako etengabeko zarata lau haizeetara jaurtitzen dutenak; badira harrizko dorreak, uneoro atzean uzten dituzunak, inolako interesik jarri gabe atzean utzitako arima guztiekiko; eta badira beste autoetatik irtendako hotsak.

Auto guztiek uzten dute arrasto bat igarotzen dituzten errepidean. Baita zure Cuatrolatasak ere. Guztiek dute euren motorra, guztiek dituzte euren bidaiariak eta guztiek dituzte euren lau xaflak, auto itxura ematen dietenak. Eta lau xafla horien artetik irteten dira norbere bizitzaren argi izpiak, zarata eta ke itxuran. Airean geratzen dira hauek, eta zure leiho zabaletatik sartzen dira Cuatrolatasera. Zuri hondakin bezala heltzen zaizkizun hotsok, gogaitzen zaituzten hotsok, beste norbanakoen bizitzak osatzen dituzte, liburu batetik eroritako hitzak dira. Hitz solteok ez dute zentzurik euren artean, ez dute irakurtzen jarraitzeko gogorik sortzen, baina istorio ederrak sor ditzazkete dagokien esaldian kokatuz gero. Zuk, ordea, hitz solteak dituzu, eta ez istorio bakarrekoak. Hitz solte horiek sartzen zaizkizu autora, zu gogaitzera, zure istorioa zikintzera, eta zuk bi aukera dituzu: hartu eta zure istorioaren parte egin, ala leihoa itxi eta zure hitzetan ito. Erabakia zurea da.

Hondakinok hartzen badituzu, baliteke zure bizitzan zentzurik gabeko hitzak azaltzea. "Eta nik zergaitik esan dut hau?" "Eta nik zergaitik egin dut hori?". "Zergaitik" izango da zure buruan gehien errepikatuko den hitza. Ez dituzu ulertuko zergaitiak. Zergaitik hura, zergaitik hau. Beti aurkituko dituzu hitz solteak, zure esaldi perfektuen artean eroritako hitz zentzugabeak, ez direnak ez subjektu ez aditz ez objektu. Saiatuko zara zentzua ematen esaldiei, saiatuko zara hitzoi forma ematen, baina beti geratuko dira hutsuneak hitzen artean. Beste aukera bat litzateke zentzurik gabeko hitz horiek hartu eta perpaus berriak sortzea, zure istorio idilikoaren zati bihurtzea, besteen hondakinak berrerabiltzea. Azken finean, ezingo duzu ekidin nola hala hitzok zure biografia ukitzea, eta zer da hobea zure aurka jaurtitako lantzak zure lantresna bihurtzea baino?

Dena den, posible duzu aurkakoa egitea, hitzei ezentzunarena egitea, albo batera uztea. Sortu dezakezu zakarrontzi bat, ordenagailuan bezala, non hondakin guztiak jaurtitzen dituzun. Hala, zure mahaigaina garbi ikusiko duzu. Hala ere, ikusiko ez duzun arren, guztiak hor jarraituko du, egongelaren erdian dagoen alfonbra gorri pisutsuaren azpian, ezkutatuta. Eta zuk, alfonbra horren azpira jaurtiko dituzu egunero aurkitutako hitzak, eta haietaz ahaztuko zara, arazoa iritsi arte, behintzat. Zeren hasiera batean ikustezin bilakatutako zakarrak denboraren poderioz alfonbra moldatuko du. Lehen egunetan ez duzu sumatu ere egingo konkor ttipi hori. Eta zuk zakarra ezkutatzen jarraituko duzu. Baina, laster, Santa Klara uhartea Igeldo bihurtuko da, eta Igeldo Pagoeta, eta Pagoeta Jaizkibel. Eta, uste baino lehen, egongelaren erditik igarotzean estropezu egingo duzu, katilu berotik eroritako tantekin alfonbraren azpian hazten ari den mendia ureztatuz. Halako batean, mendiak zu gaindituko zaitu, eta egongelako bazter batean geratuko zara, harrapatuta, mugitu ezinik. Inork ez ditu zure laguntza eskeak entzungo, haien eta zure artean dagoen hitz mendiak jango baititu zure hots ahulduak. Zuk hor jarraituko duzu, egunetik egunera ahultzen, halakorik merezi ez zenuela konbentzituta, zuk okerrik ez duzula egin pentsatzen. Haatik, egun batean mendiak ezingo du bere pisua eutsi, eta tontorretik eroritako harrien azpian geratuko zara, itota.

Ez litzateke lehen aldia izango halako zerbait gertatzen dela, zaborrak errepidea jaten duela ala errepidea zabor bihurtzen dela. Bada, ez da arin erabaki daiteken kontua zaborrarena. Zure erabakia da Cuatrolatasa nola nahi duzun gidatu, nola nahi dituzun kudeatu autoan sartutako hondakinak. Eta, noski, izan ezazu kontuan zure kudeaketak ondoko C15ari ere eragin diezaiokela, zuk leihotik jaurtitako hitzak bere leihotik sartuko baitira, zure altxorrak haren hondakin bihurtuz. Errepideak aurrera jarraituko du beti, baina zure erabakia da Cuatrolatasak ere egitea ala bide bazterrean geratzea.

ErrepideaDonde viven las historias. Descúbrelo ahora