Beti bezain umore txarrez esnatu naiz, iratzargailuak zarataka iratzarri nauenean eta sabaiari beha geratu naiz. Berriro ere onddoak ateratzen ari zaizkio, udazkena iragarriz. Zakurraren putza!
Azkenean altxatu eta nire apartamentu txikia zeharkatu dut. Edozein albotara begiratuz pilatutako dokumentuak eta egunkariak baino ezin ditut ikusi, duela laurogei bat urtekoak zaharrenak. Gaur egungo teknologia erabiliz denak disko gogor batean gorde nitzake, baina denborarik ez. Noizbait ere saiatu beharko naiz, ordea, hau txukuntzen, bestela laster ohea ere hartuko didate.
Bainugelara joan eta dutxan sartu naiz, baina dutxa ondoko pantaila txikian ur beroa sakatzera joan eta konturatu naiz blokeatuta dudala aukera hori, orduan oroitu naiz ur beroa artean ordaindu gabe daukadala. Aurrerapen bat eskatu beharko dut bulegoan.
Jantzi eta auzo amaieran dagoen taberna batean sartu naiz kafea hartzera, nire kafe-makina hondatuta baitago oraindik. Beraz, barraren ondoan dagoen makinara inguratu eta eskua gerturatu dut, nire NAN-a irakurriz kontu korrontean sar zedin eta ahots argiz "kafea" hitza bota dut. Berehala hasi da martxan eta ikusi ez ikusi, kafe apartsuz beteriko edalontzi bat atera du zirrikitu batetik, gero, kontuan zenbat diru geratzen zaidan agertu da segundo batzuetan pantaila txiki batean eta hiru zifrako zenbaki triste bat besterik ezin izan dut ikusi.
Mahai batean esertzerako bidean, egunkari holografiko bat eskatu diot zerbitzari bati eta eseri egin naiz kafe lurrintsua ahoratuz. Berehala ekarri dit egunkaria eta eman diodan propina nahikoa iruditu zaionean bakarrik utzi nau bakean. Egunkaria piztu eta lehen orriko albisteari begiratu bat eman diot: "Atzo, irailak 13, beste gorpu bat aurkitu zen ibai ertzean". Beste bat. Gogora etorri zaizkit duela pare bat aste aurkitutako hilen gorpuak, autopsia gelan. Dauzkagun tramankulu guztiek batera ere ezin izan zuten heriotzen zergatia zehaztu.
Albistea oso osorik irakurri dut garrantzitsua izan daitekeen edozein pistaren bila, baina hiltzaileek -hiltzailerik egon bazen- oso ondo ezkutatu zituzten ebidentzia guztiak. Horregatik ez zitzaidan bat ere gustatu kasu hau niri ezarri behar zidatela esan zidatenean, ezetz esaten ere ahalegindu nintzen, baina nagusiaren hitzak lege dira. Honela zioen albisteak:
"Atzo, beste hildako baten gorpua aurkitu zuten ibai ondoan bi gaztek arratsaldeko bederatziak inguruan. Ikerketa labur baten ostean, egiaztatu da duela hiru egun desagerturiko gizonaren gorpua dela. Hildakoak 34 urte eskas zituen eta bere izenen inizialak D.C.D. dira. Oraindik ere ikertzen ari dira duela aste pare bat aurkitutako hildakoekin zerikusirik duen eta horretarako autopsia gelan aztertuko dute gorpua. Egun batzuen buruan jakingo ditugu emaitzak.
Gorpuak berarekin zeramatzan kartera, dirua eta baliozko gauza guztiak, beraz ikertzaileek lapurreta izan zitekeela baztertu dute".
Gainerako albiste guztiek ez didate arreta handirik piztu: Gehienek politikarekin dute zer ikusia "Berriz ere Mundu osoa biltzen saiatuko dira agintari nagusiak" edo "moneta berria onartzeko legea bide onetik doa".
Albiste horiek jende inozoa lasaitzeko bakarrik balio dute.
III. Mundu Gerraren ondoren gogo gehiago jarri dute hipokrita horiek mundu bateratu bat sortzeko, edo hori ematen du behintzat, baina apur bat pentsatu ostean, berehala kontura daiteke edonor ez dutela enpatiagatik edo mundu hobe bat sortzeagatik egiten: denak ere izututa daude, ez baitute inoiz gehiago horrelako beste gatazkarik nahi, hurrena Mundu osoa suntsituko duten beldur:
Petrolioaren Gerra ere deitzen diote batzuek III. Mundu Gerrari. Jakina zen urte gutxiren buruan petrolioa agortu egingo zela, baina uste baino lehenago gertatu eta Mundu osoa inoiz izandako krisirik gogorrenean murgildu zen, petrolioa gordetzen joan zen herrialde bakarra izan ezik: Arabia Saudi. Hala ere, gatazka honen amaierarako guztiz suntsituta geratu zen: Petrolio eskasia gertatu eta hilabete batzuetara, petrolioaren esportazioak egiteari utzi zion eta mundu osoa bere aurka jarri zen. Salmenta ezkutuak egiten hasi zen ondo ordaintzen zioten herrialdeei: Errusia, Japonia, Frantzia eta beste. Horrela bere boterea handitzen joan eta Estatu Batuen eta baita Txinaren aurretik jarri zen. Historiako momentu hau arabiarren goren aldia izan zen. Baina hori ez zen izan aurreko superpotentzien gustukoa. Hori konpontzen ahalegintzeko, lehenik, Nazio Batuen Erakundea bildu zen -gaur egungo Mundu Bateratua- baina inongo akordiora heldu ez eta denok espero zuten III. Mundu Gerra hasi zen. Gerra amaierako ondorio nagusiak Arabia Saudiren guztizko suntsiketa, NBEren banaketa eta Mundu Bateratua nazioarteko erakunde berria sortzea izan ziren. Geroztik hartu diren nazioarteko erabaki garrantzitsu gehienak beldurrak bultzatutakoak izan dira: Bonba nuklearren guztizko abolizioa eta arma biokimikoen suntsipena adibidez. Gaur egun, Munduko estatu garrantzitsuena Txina da.
Igaro da mende bat hori gertatu zenetik eta geroztik ustezko bake garai batean gaude. Egungo energia-iturri nagusiak eguzkia eta haizea dira eta guztiz ahaztuta dago petrolioa, nahiz eta non edo non tantaren bat geratuko den. Egun, hazkuntza garaian bete-betean sartuta gaude bai zientzien aldetik eta baita kultura edo gizarte aldetik ere, horregatik guztiz normala da lanerako ibilbidea lebitazio magnetikoko tren batean egitea. Baina duela ehun urteko gizartearekin alderatuz oraingoak duen aldaketarik nabarmenena eta garrantzitsuena agintari nagusiek pertsonengan duten guztizko kontrola da: eskuan txertatutako txip arraio baten bidez momentu oro non gauden jakin dezakete, nor garen edo benetan norbera garen. Jaiotzean bertan txertatzen diete haurrei txipa eta momentu horretan giza-sarearen barruan betirako gordeta geratzen da. Hori guztia txipak dituen beste erabilgarritasun batzuen bidez ezkutatzen dute: ordainketak egiteko erraztasuna, makinak piztu eta amatatzeko aukera eskua gerturatuta bakarrik...
Mundu osoan moneta bakarra egoteko ideia ere zabaldu da. Tontakeria galanta! Beraz, zaharkituta geratu den arlo bakara politika da.
YOU ARE READING
00-80
Science FictionGugandik gertu dagoen etorkizun batean, 3.Mundu Gerra jazo ostean, gizarteak aurrera egin du nola edo ahala. Teknologia aurrerapenek guztiz eraldatu duten mundua, ordea, ez da denek esperotako paradisu bat. Istorio honetako protagonistak detektibe b...