Neure pentsamenduak baztertu eta bulegoan egon behar dudan ordua gerturatuz doala ohartu naizenez, mahaia dagoen bezala utzi eta tren geltokirantz abiatu naiz. Trenean igo aurretik, pasabidea ixten duen makinari eskua gerturatu eta "bidaia ona izan" esan eta pasatzen utzi didanean sartu egin naiz bagoi barrura. Tren hauek duten abiadurarekin, hamar minututan egin ditut ni bizi naizen hiri kanpoko auzunetik zentrora dauden 50km-ak.
Bertatik nire lantokira beste bost minutu baino ez ditut ibili behar, eraikin handien artean bueltaka, helmugara iritsi arte. Ikerketa publikoak egiten dituen enpresa batean egiten dut lan.
Gazteagoa nintzenean, dibertigarria iruditzen zitzaidan krimenen aurka borrokatzea, irakurtzen nituen nobeletako protagonisten antzeko detektibe eta poliziek bezala; kasu askotan jardutea eta ikusiaz batera argitzea, Arthur Conan Doyle-ren Sherlock Holmesek bezala. Baina lanean hasiaz batera konturatu nintzen inoiz ez nuela kasu garrantzitsu bat ere ebatziko, eta hori, baten bat egokitzen bazitzaidan -nik ikertzen nituen gehienak lapurreta txatxuak baino ez ziren eta horiek ebaztea tontakeria hutsa zen: Jendeak beharrak bultzatuta lapurtzen du, ez dago buelta gehiago eman beharrik- eta, beraz, nire lanak sortzen zidan zirrara desagertzen joan zen pixkanaka pixkanaka. Horregatik harritu ninduen niri hain hilketa garrantzitsuen karguan jartzea. Oraindik ere ziur nago libre zegoen bakarra neu nintzela.
Punta-puntako ordenagailu baten aurrean eseri naiz eta heriotzei buruzko azken orduko informaziorik sartu duten begiratzen geratu naiz. Apur bat miatzen egon eta atzoko gizonaren izena aurkitu dut, Diego Cortés Dubois. Beste apur bat kuxkuxean ibili naiz baina alferrik. Ezer ere ez, interes apur bat eragin didan gauza bakarra, gorpuak berarekin zeraman lan-txartela da, ezagun ez dudan akronimo bat daukana idatzita: AUS. Heriotzen kasuari argi pixka bat bota diezaiokeen ezer ere ez dut aurkitu.
Bat-batean nire lankidea sartu da bulego barruan; Latontzi androidea. Ez nago bat ere ohituta bizirik ez duen inteligentzia artifizial batekin lan egitera, askotan gizatasun falta sentitzen dut; sartzean "nola zaude?" edo "eguna ondo?" galdetzen didan pertsona batekin lan egitea gustatuko litzaidake, ez gelara sartu eta hitzik esan gabe orduak eta orduak ordenagailu aurrean ematen dituen errobot ziztrin bat. Gainera, lan egiteko orduan ez da oso fin ibiltzen: komertziorako asmatutako lehenetariko errobota da eta ordutik gaur egunera arte errobotikan egon diren aurrerapenekin zaharkituta geratu den modeloa da, beraz inork gehiago nahi ez duenez geuri eman digute haren ardura.
Gaurkoan, ordea, sartu bezain laster hauxe esan dit, bizirik gabeko ahots monotonoz:
-Autopsia gelan zain dauzkagu. Gorpuaren ikerketarekin amaitu dute eta zure iritzia nahi dute aurkitutakoarekin.
Apur bat harritu nau autopsia gelan nire iritzia nahi izateak, normalean ondorioak medikuek ateratzen baitituzte zuzenean eta nik haiek idatzitako txostena baino ez dut irakurtzen. Bulegotik atera eta korridorea zeharkatu dut, ezkerretara bira egin eta "baimendutako langileak bakarrik" jartzen duen ate batera iritsi naiz. Beti bezala eskua gerturatu dut atearen ondoan dagoen plakara, atea zabal zedin. Barruan, mediku eta ikertzaile talde bat dago bart arratseko gorpuaren inguruan bilduta hitz egiten, eta ni sartzean, haietako bat gerturatu eta berri hau eman dit:
-Oraingo honetan jakin dugu zein izan zen gizon honen heriotzaren arrazoia. Gorputzak jasan ezin duen substantzia baten eragina izan da. -orduan isilik geratu eta arnasa hartu du, esatera zihoanak beldurtuko balu bezala, baina nik gehiago ezin itxaron eta esan diot:
-Bota ezazu ba! Zer substantzia arraio izan da?
-Petrolioa -erantzuna.
Ezustean harrapatu nauela esango banu, gezurretan arituko nintzateke. Uste baino gutxiago harritu naiz; beti izan dut bihozkada bat, oraindik ere munduan zerbaitek ondo funtzionatzen ez zuela esaten zidana -tira, bihozkada beharrik gabe ere, begiak nahikoa zabaltzen dituen edozein inozo kontura liteke horretaz-.
-Eta zer esan nahi du horrek? Teorian petrolioak agorturik egon behar zuen. -galdetu dut entzun nauten guztientzat. Erantzuna, baina, ez da iritsi. Azkenean gaia aldatu eta beste galdera batzuei ekin diet:
-Orduan, aurkitu al duzue inolako harremanik honen eta beste gorpuen artean?
-Inolako antzekotasunik ez da agertu, baina ezin ditzakegu ondorioak azkarregi atera.
-Tira, zer edo zer egin behar dugu. Momentuz goi-agintariekin harremanetan jarri eta itxaron beste ezer ezin dezakegu egin.
Egoeraren berri eman bezain laster, agintariek adierazi digute informazio hori konfidentzial bezala klasifikatuko dela, munduaren onerako, eta prentsan esan dezagula gizonak buruaz beste egin zuela.
Lan zaila izan da heriotzaren datuak manipulatu eta kazetariei gezurretako informazioa ematea, nahi dutenean badakitelako tematiak izaten eta munduaren amaiera arte segituko dizute nahi dutena lortu arte.
Baina azkenean, lan zaila izateaz gain, alferrikakoa ere izan da. Geure hiriko kasua bezalako beste hainbat gertatu dira mundu osoan zehar eta guk ez bezala garden-garden idatzi dute gertatutakoa egunkari guztiek. Haien kasuetan izan den alde bakarra zera izan da: ezinezkoa da gorputzak norenak diren identifikatzea, ez baitute esku barnean txertaturik gaur egun gizakiaren marka bihurtu den txipa.
Pare bat egunetan mundu osoa gertaera berri eta beldurgarri hauek barneratzen saiatzen hasi da, izugarrizko eragina izan baitu. Ez da, ez, falta, teoria zentzugabeak asmatzen dituen jendea, ezta asmakizun horiek sinesten dituena ere. Oraintxe bertan zabalduen dagoen ideia Arabia Saudiren itzulera edo mendekua da. Asmakizunek diotenez, III. Mundu Gerran txikituta geratu ostean, arabiarrak munduko txokoren batean ezkutatu eta orain biltzen ari dira eta odol-gosez, berriz ere mundua bereganatzeko asmoa dute. Zientzia-fikziozko pelikula baten argumentua askoz ere sinesgarriagoa izango litzatekeela uste dut nik. Hala ere, arrazoi kutsu bat badutela onartu behar dut, petrolioan pentsatzen hasten naizen bakoitzean, nola edo hala arabiarrak datozkit burura eta baita haien goren aldia ere; normala da behin galdutako boterea berreskuratu nahi izatea. Eta gainera txiparena dago. Kontua da hildako horiek guztiz desagertuta egon zirela, munduak existitzen zirenik ere ez zekiela.
YOU ARE READING
00-80
Science FictionGugandik gertu dagoen etorkizun batean, 3.Mundu Gerra jazo ostean, gizarteak aurrera egin du nola edo ahala. Teknologia aurrerapenek guztiz eraldatu duten mundua, ordea, ez da denek esperotako paradisu bat. Istorio honetako protagonistak detektibe b...