Gatazkaren amaiera

8 1 1
                                    

Oraindik zutik dirauen biltegi baten inguruan geratu dira kamioiak. Jendea atera da haien barrutik eta biltegi barrura sartu dira. Su armak dituztela konturatu naiz, gutxienez bakoitzak bat. Latontzik adierazi dit biltegi gainera igo gaitezkela eta kristalezko sabaitik begira dezakegula barnean gertatzen dena. Zarata egin gabe eta kontu handiz igo gara, suteetarako izango zen egoera txarreko eskailera batzuetatik. Jada biltegi gainean, zerura begiratu dut lehenik, hodei gutxi batzuek ilargi potoloa estaltzen dute, laster ilargi betea izango da. Nire lagunarengana gerturatu naiz gero; leku estrategikoan dago dagoeneko goitik behera dena aztertzen: gure azpian hogei bat metrora, jende multzo handi bat ikusten da. Lehenengo begiratuan denak nahas-mahas daudela dirudi, baina zorrotzago begiratu ostean, banaketa bat dagoela konturatu naiz, eskumaldean, itxura dezenteko jendea da dagoena, arropa nahiko txukunez jantzita, baina ezkerraldekoen itxura tamalgarriagoa da: haien arropa zaharkituta dago eta ni nagoen distantziatik igerri dezaket dutxa on baten beharra dutela. Hala ere, bigarren taldeak harrotasuna adierazten du egiten duten ekintza bakoitzean eta, gutxiago izanda ere, itxura arriskutsuagoa dute besteek baino. AUS enpresakoek topaketa garrantzitsua dutela dirudi, baina zertarako? Orduan konturatu naiz ikusi bai, ikusten ditugula, baina ezer entzun ezin badugu, ezingo diogula hariari jarraitu. Nire kezka entzun izan balu bezala, Latontzik irribarre egin du eta bere buruaren albo batetik antena bat nola ateratzen zaion ikusi dut, zertarako den galdetu baino lehen azaldu dit urrunekoa entzuteko teknologia nahikoa duela haren gorputzak eta ahotsak hasi dira ateratzen androideak bere gorputzeko tokiren batean ezkutaturik duen bozgorailu batetik:

-...egin behar diogu. Nahikoa baja izan ditugu guztiok, ez dugu zertan hildako gehiago izan behar. -dio enpresaren bozeramailea dirudienak.

-Gureetako gehiegi hil dira dagoeneko zuen eskuetan, ez dago atzera bueltarik. Gure Arabiako arbasoak suntsitu zenituztenetik ez gaituzue aintzat hartu eta mespretxatu egin gaituzue gizartetik kanpo egoteagatik. -Arabia esan du? Apur bat gehiago fijatu naiz gizonarengan. Zaharra ematen du, baina begirada zentzudun batez begiratzen du ingurura, egoera aztertuz. Atzerritarra da eta ez ninduke harrituko jakiteak arabiarren ondorengoa dela.

-Eta oraindik ere bizirik baldin bazaudete petrolioa edukitzen segitzen duzuelako da, guztiz agortzen zaizuenean, akabo. -bota zion enpresako beste batek. Ingurura begiratu dut eta pilatutako bidoi batzuk ikusi ditut bazter batean. Upeletan idatzita, petrol jartzen du. Bingo! Aurkitu dut guzti honen gakoa.

-Gaur izango da gure azken elkarketa, ez dugu zuek bezalako gizatxar batzuekin tratu gehiago egiteko asmorik. Eman dirua eta eraman ezazue hemendik urre beltza.

-Ez hain bizkor, ez dizuegu ihes egiten utziko, zuen existentzia hutsak heriotza merezi du. -esan eta errifle bat ateratzeaz batera, tiroka hasteko keinua egin du enpresako bozeramaileak.

Dena oso bizkor gertatu da, armak atera eta ziztu batean bi bandoen arteko borroka hasi da. Arabiarrak ere ez dira atzean geratu: haien arropa azpitik ezkutuan zeuden pistolak, granadak eta nik ikusi gabeak nituen beste zenbait tresna herigarri atera dituzte. Tiro asko eta zenbait leherketaren ondoren, bala galdu batek petrolioz goraino beteriko upel bat harrapatu eta leherrarazi du. Senak aginduta begiak itxi ditut eta berriz zabaldu ditudanerako biltegiaren inguru bat sutan dago, guztiz suntsituta. Leherketak arabiarrak hil ditu gehien bat, enpresako langile asko zaurituta atera badira ere.

Joateko ordua da. Ez daukat ezer gehiago egin beharrik eta behar nituen proba guztiak bildu ditut: AUS enpresa desagerturik omen zeuden arabiarrei petrolioa erosten ibili da itzaletan eta gatazka txiki batzuen ondoren, hildakoak atera dira bi taldeetan, batetik txipik gabe agertu diren pertsona misteriotsuak eta bestetik Diego Cortés Dubois. Enpresak beste baja batzuk ere izango zituen, baina gauzak argitara ez ateratzeko ezkutuan gordeko zituzten. Eta dena grabatu du Latontzik, informazioa dekodifikatzea besterik ez dugu egin behar eta informazio hori esku egokietan uztea. Nire lana laster amaituko da. Kuzkurtuta nengoen tokitik altxatu naiz eta keinu bat egin diot lagunari joan gaitezen. Azpikaldera azken aldiz begiratu dut eta bitartean, ilargia atera da. Ilargiak salatu du gure ezkutalekua: kristalen artetik igaro dira ilargi-izpiak eta baita nire itzala ere. Bizirik dirautenek gora begiratu dute eta bete betean ikusi dute gizon baten silueta teilatuan. Zakurraren putza!

-Goazen! -oihukatu diot Latontziri eta korrika batean jaitsi ditugu eskailerak, behera ailegatu garenerako berandu da, ordea. Talde txiki batek inguratuta gauzka, ezpataren eta hormaren artean gaude. Tiro bat entzun dut eta gero ezer ez. Dena ilun geratu da eta momentu batzuen ondoren, mina, mina sentitu dut, inoiz sentitutakorik zorrotzena, nondik datorren ere ez dakit eta lurrean botata nagoela konturatu naiz, aieneka. Heldu egin didate eta begi pare batek tinko begiratzen didatela ikusi dut, ozta-ozta. Latotzi da, nire ondoan dago eta zerbait xuxurlatzen dit belarrira, baina ezin dut entzun. Ez,ez, ez, EZ! Honek ezin du honela amaitu, gutxienez munduak guk aurkitutakoa jakiteko eskubidea du, ezin dute gezur amaigabe batean bizi. Informazio horrek emendik atera behar du.

-Joan zaitez, Latontzi... Nire 00-80 errobota... Utzi... informazioa.. esku... egokietan. Mesedez...

Nigandik urruntzen ari zela, irribarre egin eta begiak itxi ditut.

00-80Where stories live. Discover now