Hurrengo pausua bi handikote horiei informazioa ateratzea da eta zuzen zuzenean galdetzea txorakeria hutsa izango litzatekenez, eta gauza hoberik ez buruan, haien disko gogorra eskuratzea iruditu zait planik egokiena. Urrunago joan gabe, gaur gauean bertan erabaki dut nire plana burutzea, bi poliziak gau-txoriak baitira eta gauez bulegoan baitaude lanean.
Gaua iritsitakoan, berriz ere joan naiz bi detektibe frantsesen hotelera eta haiek irten arte itxaron dut. Gauez ikusirik, hotelak kristalezko dorre amaigabea dirudi eta gaueko argiek diamantezkoa balitz bezalako dir-dirak sortzen dizkiote. Zuzen-zuzenean errezepziora joatea pentsatu dut, ezkutuka ibili barik eta itzulinguru gabe bi gizonen gela zein den galdetu diot bertako langile pinpirin bati, lastima beste androide bat izatea. Adierazi dit 27. pisuan dutela gela, 1492.a hain zuzen, baina itxaron egin beharko diedala duela ordu laurden joanak baitziren. Eskerrak eman eta igogailua hartu dut; izen bitxia gora joateko ez ezik aldeetara ere egiten duen makina batentzat. 1492 botoia sakatu eta lehenik ezkerrerantz egin du igogailuak, gero, bat-batean, norabidea aldatu eta gorantz egiteko. Ding-dong. Di-da batean gelako ate aurrean utzi nau eta nik ekarritako tresneriarekin, atea bortxatzen hasi naiz. Lehenik, gela neureganatu dut -ez da batere erreza hori azaltzea; burbuila batean sartu dut hotel hau kontrolatzen duen ordenagailuak bortxaketa igarri ez dezan- eta gero askotan erabilgarri egin zaidan tramankulu batekin gelara sartzeko pasaitza deskodifikatu dut. Barruan naiz. Harritzekoa bada ere ez da zailegia izan gelako atea irekitzea, agian erraminta egokiak dakartzadalako.
Hoteleko gela txukun bat dut aurrean, oso zabala eta argia, horma zuriekin eta kristalezko leiho erraldoiekin, hala ere, ez naiz leihoetara gehiegi gerturatu, bertigoa dut-eta. Kaxoietan bila hasi naiz, begi bistan ez baitago ezer ez. Dena kontu handiz hartu eta uzten dut bere lekuan, eskularru berezi batzuekin, bi kankailuek nire presentzia igar ez dezaten itzultzean.
Disko gogorra lanera haiekin eraman dutela pentsatzen hasi naizenean aurkitu dut. Nik ere beste bat ekarri dut, transferentzia bat egiteko, eta ziztu batean ekin diot lanari. Uste baino gehiago behar izan du eta ia lotan geratu naiz itxaron bitartean. Amaitu duenean, denbora gehiago galdu gabe, gelatik ateratzera joan naiz. Ding-dong. Ai ene! Igogailuko atea astiro-astiro hasi da zabaltzen eta barnean nortzuk dauden konturatu orduko, nire burua lurrean ikusi dut. Izugarrizko kolpe bat eman didate eta ia-ia konortea galdu dut. Konturatu naiz nire poltsikoak miatzen hasi direla eta zebait kendu didatela. Putza! Egin dudan ezerk ez du ezertarako balio izan? Gero honako hau entzun dut:
-Hil beharra dago, desagertu egin behar du.
Ezin diot nire buruari eutsi, ohiuka egin nahi dut, laguntza eske, baina burua lehertzeko zorian dut eta ezin. Orduan, isiltasuna. Liskar bat entzun dut, kolpe bat eta nigandik gertu jausi den pertsona baten aienea. Beso batzuek jaso egin naute eta igogailu barrura bota naute, nahi baino zakarrago.
Berriz ere begiak ireki ditudanean, Latontzi nire ondoan dago, niri begira. Ezin dut eskertuago egon, bizitza salbatu dit tramankulu arraio honek! Baina ezin dut ulertu nola aurkitu nauen, ezta zer egiten duen bertan. Hala ere galderak, etxearen epeltasunerako utzi ditut.
-Kaferik nahi? -eskeini diot nire kide berriari.
-Ez, milesker.
-Nolatan zeunden egon beharreko lekuan, egon beharreko momentuan? -galde egin diot zuzen-zuzen.
-Zuri segika ibili naiz, ez zenuen normal jokatzen eta hori kezkagarria iruditu zait, batez ere hotel horretara sartu eta itzultzen ez zinela ikusi dudanean.
Bere hitzek egia ziotela zirudien, gainera ez zegoen gezurrik esateko programatuta, hori da androideek eta errobotek duten gauza honena, eta baita txarrena ere, garden-garden egiten dituzte komentario guztiak. Beraz, berarekin fidatzea erabaki dut eta momentura-arte nekien guztia kontatu diot. Nik bakarrik ezin dut ezer egin eta gertaerak beste era batera aztertzen dituen inteligentzia artifizial baten laguntza eskertzekoa da.
-Guzti honen kakoa Frantzian dago.
Hori entzuteaz batera, igerri diot bere asmoari.
Baneukan gogoa opor batzuk hartzeko eta gure auzoko frantsesei bisita bat egiteko.
KAMU SEDANG MEMBACA
00-80
Fiksi IlmiahGugandik gertu dagoen etorkizun batean, 3.Mundu Gerra jazo ostean, gizarteak aurrera egin du nola edo ahala. Teknologia aurrerapenek guztiz eraldatu duten mundua, ordea, ez da denek esperotako paradisu bat. Istorio honetako protagonistak detektibe b...