Zippo metxeroak eta bi gizon susmagarri

12 1 1
                                    

Etxean, bueltak eta bueltak eman dizkiot kontu honi. Gainera, nire lantokian bertan dago hilketa guzti hauetatik egon den salbuespen bakarra: Diego Cortés Dubois. Heriotza kausa bera izan arren, bera izan da identifikazioa zuen hildako bakarra eta horrek urduri jartzen nau, ziur nago arazo honen guztiaren gakoa gizon horrek ezkutatzen duela. Beraz, zer edo zer aurkitzeko esperantza handi gabe, ordenagailua piztu eta hari buruzko informazioa bilatzen saiatu naiz sarean. Ezer ez. Zakurraren putza. Sarean ere guk esandako gezurrek apaintzen dute bere heriotza. Denbora luzez ibili naiz bila bere lanbideaz, bizitzaz edo berarekin zerikusirik duen edozeren bila, alferrik, ordea. Azken saiakera egin eta lan-tarjetan topaturiko hiru letrak sartu ditut bilatzailean. Enter. Lehenengo agertu zaidan orrialdeari klik egin eta AUS inizialak dituen enpresa pribatu baten orrian sartu naiz. Metxero fabrika bat da, Frantziakoa. Apur bat irakurri ostean ez dut ezer berezirik aurkitu eta uztera nindoala, gain-gainetik hitz bat irakurri dut: petrol. Testu hori interes gehiagorekin irakurri dudanean, aurkitu dudanak hotzikara bat eragin dit: enpresa honek badu berezitasun bat, bere metxeroen artean, badira batzuk bereziak direnak, zippo metxeroak. Pizgailu hauen osagairik garrantzitsuena gasolina da, hau da petrolioa, baina nondik aterako dute erregai honen nahikoa kantitate produktu hau saltzeko? Orrialde honen helbidea gorde eta ohean sartu naiz, lo egiteko urduriegi, eta lortutako informazioari bueltaka nenbilela argitu du egunak.

Goizero bezala, kafetegian sartu eta eguneroko kafea hartu dut, berehala trena hartu eta, berriz ere, lanerako bidea hartzeko. Bulegora heldu naizenean jada lanean zegoen Latontzi eta sartu eta hau bota dit:

-Kasuaren kargutik kendu zaituzte, ikertzaile jaioagoek ordeztuko zaituzte. Eguna libre hartu dezakezu. -belarrondoko bat emanda ere ez zizkidan gauzak gehiago argituko, horretarako programatuta baitzegoen, bere gainekoen aginduak txintxo-txintxo betetzeko eta kito. Azalpen baten bila, nire nagusiaren bulegora joan eta atea kolpatu dut, "sartu" bat entzun arte itxaron eta orduan barrura pasatu naiz. Eseri ere egin gabe galderei ekin diet:

-Zergatik utzi nauzue nire lanean erdizka?

-Egun on zuri ere -ironia bota eta jarraitu du-. Ez da neure erabakia izan. Niretzako ere sorpresa galanta izan da Frantziako agintariek kasu honetan laguntzeko pare bat ikertzaile profesional bidali dizkigutenean. -Frantziako enpresa etorri zait burura. Gero eta itxura txarragoa hartzen ari da kontua, baina ez diot nagusiari nire uste txarren berririk eman-. Orain arteko ikerketa guztia erakutsi beharko zenieke, galduta sentitu ez daitezen.

-Bai, noski -esan eta irten egin naiz agurrik bota gabe.

Neure bulegoan bertan aurkitu ditut bi arrotzak, biak beltzez jantzita eta susmagarri itxura handiegiarekin. Hau detektibe pelikula bat izango balitz, susmagarri nagusiak hauexek. Frantsesak izan arren gure hizkuntzan ere mintzo dira, azentu arraroa jartzen badute ere. Argibide pare bat baino ez diet eman behar izan, gainerakoa haien kabuz egin dute, gabardina azpitik ateratako disko gogor batean sartu dute ordenagailuetako informazio guztia eta esker lehor bat ahoskatu ostean alden egin dute.

Eguna libre hartzeko esan didatenez, eta egiteko ezertxo ere ez nuenez, bi morroien atzetik abiatu naiz ezkutuka, berriro ere gaztetako zirrara sentituz eta buru barnean nire misterio pelikula propioa osatuz. Hotel batera sartu diren arte jarraitu ditut eta bertan amaitu da nire eguneko abentura guztia, baina, bada ez bada, hotelaren izena apuntatu dut. Hala ere abentura ez da nik uste bezain laster bukatu, hurrengo goizean nire posta begiratzera joan naizenean, eskutitz batek, moztutako letrez idatzita, arazotan nagoela adierazi dit. Esaldi bakarrak honela dio: Ez sartu komeni ez zaizkizun gauzetan gaizki amaitu nahi ez baduzu. Beldurrak baino zirrarak inbaditu du nire gorputza. Pertsona normal batek behin betiko utziko lioke kuxkuxean ibiltzeari, baina eskutitz hori izan da nik behar izan dudan bultzada bakarra kasuan bete-betean sartzeko. 

00-80Where stories live. Discover now